Bihar Santa Ageda eguna, gaur, otsailak 4, haren bezpera. Makila eskutan kantuan irteteko hainbat ospakizun hitzordu finkatuak daude gaurko. Lehenak, Udarregi ikastolakoak izan dira. DBH-koak eguerdian aritu dira kalez kale kantuan, giro ederrean. Bazkalostean, HH eta LH zikloetako iklasleek hartu dute lekukoa.
Iluntzean, helduen txanda, Zubietan lehenik, Kaxkoan geroago.
Zubietako hainbat lagun Kaxkapen izan dira entseatzen azken asteotan. Ostiral honetan ordea, Santa Ageda bezperako kantuak abestera aterako dira kalera, 18:30ean Kaxkapetik.
Kaxkoan, 19:30ean
Bota Punttuba Bertso Eskolakoak 19:30ean elkartuko dira Mikel Laboa plazan. Aurten, Euskal Kantu Taldekoekin batera ibiliko dira kalejiran. Eta bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute Santa Ageda eskea.
Kaxkoan tabernatik tabernarako ibilbidea osatuko dute eta gero sagardotegietara joango dira. Urdairan amaitzea aurreikusten dute. Artzain jantziekin eta Santa Ageda makilarekin agertzea ezinbestekoa izango da.