Mundu bat bildu zen Zubietan

Noaua Aldizkaria 2011ko mar. 21a, 00:00

"Hartu nahi dut arnas" oihua inoiz baino ozenago entzun zen atzo eguerdian Zubietan. Aspaldi iragarri zen flash mob dantzaren bideo-grabazioa. 2.000 dantzari biltzea zen erronka. Lehen galdera, zer da flash mob? Eta euskaldunak hain lotsatiak izanda, nola arraio batuko dituzte 2.000 lagun? Eta gainera, Lady Gagaren kantu batekin? Baina ahoz aho, pausoz pauso eta herriz herri handitzen joan da flash mob dantzaren aldeko olatua. Horretan zeresan handia izan du Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak. Bideo honetan dituzue prestaketa lanak, Japoniari egindako omenaldiaren pasartea eta flash mob dantzaren grabazioaren lehen zatitxoa.

 

Gipuzkoako herri askotatik heldu dira
Atzo Zubietan Gipuzkoako herri askotako jendea elkartu zen. Eta denek txintxo demonio jarraitu zituzten ekimen honen sustatzaileen aginduak. Hainbat entseguren ondoren, 13:45ean hasi ziren flash mob dantzaren grabazioa egiten. 2.000 lagunetik gora dantzan; eta Errebote plazako eskenatokian, abesbatzakoak eta "Hartu nahi dut" arnas kantuan abestu zuten kantariek, tartean Ken 7ko Eñaut Elorrieta abeslaria ere.

Pailazoak ere dantzan
Goizean goizetik giro ederra izan zen Zubietan. Batzuk dantza pausoak ikasten, besteak azken entseguak egiten, eta txikienak Porrotx eta Marimotots pailazoak noiz hasiko zain. Jateko eta edateko postuek arindu zuten dantzan hasi nahi zutenen pazientzia.

 

Moratoria eske
Flash mob dantzaren grabazioaren aurretik, Gipuzkoa Zero Zabor taldekoek eskerrak eman zizkieten bertaratu diren guztiei eta, horretaz gain, moratoriaren eskaera berretsi zuten, hori baitzen gaurko ekitaldiaren helburu nagusia. Zero zabor filosofia Gipuzkoa osora hedatzeko denbora eskatzen dute eta, bien bitartean, errauste planta eraikitzeko lanak geldiaraztea.
Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak eta Imanol Azpiroz Zubietako Herri Batzarreko ordezkariak ere eskerrak eman zizkieten Zubietan bildu zirenei eta instituzioetako agintari zein banku-etxeei zuzenduz, herriaren eskaerari kasu egiteko eskatu dute. Esandakoa, “Hartu nahi dut arnas” inoiz baino ozenago entzun zen atzo.

Hemen dituzue atzoko hainbat argazki. Klik hemen.