Kantu-jira, bertso-afaria eta flash mob dantza inprobisatua, dena bideo honetan laburturik

Noaua Aldizkaria 2011ko mar. 28a, 00:00

Usurbil Zero Zabor taldeak, Botapunttuba Bertso Eskolak eta Kantu Taldekoek antolaturik Bertso Kantu Jira Afaria ekimenera ehundik gora herritar batu ziren joan den larunbatean. Arratsaldeko 19:00ak pasatxotan abiatutako kalejirarekin ekin zitzaion, Atez Ateko Bilketaren II. Urtemugaren baitan antolatu zen ekimenari. Kantu Taldekoen saioak, Maialen Lujanbio zein Sustrai Colinaren bertsoek edota trikitilariek girotu zuten Kaxkoan barrena burutu zen kalejira. Bertaratu ziren herritarrak, kantuan eta dantzan aritu ziren, bertsoak entzutearekin batera.

Ondoren, aldez aurretik txartela erosia zuten herritarrak afaritarako bildu ziren Agerialden. Han jarraitu zuen kantu eta bertso saioak, "Aire Garbiak Bira Nazan" lemapean.

Ekitaldia borobiltzeko, "Hartu nahi dut arnas" Flash Mob ekimeneko kantuaren koreografia dantzatzera animatu zen talde bat. Jendetsua eta parte hartzailea beraz, herenegun ospatu zen ekimena.