Agerreazpi eta Sekaña eremuetan eraikiko dituzten 58 etxebizitzen zozketak jakinmin handia piztu du. Baina zozketaren prestaketa lanak uste baino gehiago luzatu dira eta kiroldegiko ateak itxita izan dira 17:30ak pasa arte. Bien bitartean, jendetza zegoen zozketa noiz hasiko zain. Azkenean, ordu erdiko atzerapenarekin hasi da.
Behin kiroldegi barruan, eserleku denak bete egin dira, baita harmailak ere. Eta hainbatek zutik jarraitu dute zozketaren prozedura. Zozketa egin aurretik, hitza hartu du Xabier Mikel Errekondo alkateak. Etxebizitza beharra aspaldikoa dela esan du eta "eskubide bat dela, denok argi dugu. Udalak betidanik defendatu du eskubide hori alokairu sozialarekin berma daitekeela. 18 etxebizitza jarri ditugu azken urteotan herritarren eskuetan. Argi daukagu haratago joan behar dela, baina ez da hain hain erraza etxebizitzak alokairuan jartzea, udalak egin behar duelako ekarpen ekonomiko guztia", adierazi du alkateak kiroldegian elkartu direnen aurrean.
Zozketan etxebizitza bat eskuratu dutenen zerrenda ezin da publiko egin web orrialde honetan, baina udaletxean jasoko daiteke informazio gehiago. 58 etxebizitza zozketatuko dira jabetzan gaur. Eta zozketak izendatuak izan direnek informazio zehatza jasotzeko aukera izango dute maiatzaren 9ko astean, Sutegiko erakusketa gelan.