Egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren "Bateragune" auzia dela eta, adierazpen instituzionala onartu zuen Udalak, atzo burutu zen legegintzaldiko lehen osoko ohiko bilkuran. "Bateragune" auzian inplikaturik dauden kide guztien berehalako askatasuna eta absoluzioa eta zabaldu den garai berriari jarri nahi zaizkion oztopoekin amaituz, epaiketa politikoak behin betikoz alboratzea eskatzen du hiru puntuko mozioak. Gainera, Udalak "gatazkaren irtenbidea sustatzeko, dagokion jarduera instituzionalean urratsak emateko konpromisoa hartzen du".
Osoko bilkuran aurkezturiko testua, Bildu, Aralar, Hamaikabat eta EAJ-PNV-ko udal ordezkarien babesa jaso zuen. PSE-EE-ko ordezkaria abstenitu zen.
Mobilizazioak, egunotan
Astelehen goizean abiatu zen "Bateragune" auziaren epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Rafa Díez, Amaia Esnal, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodríguez, Mañel Serra eta Miren Zabaleta epaituko dituzte egunotan. Horren haritik, Eleak mugimendu berriak hainbat mobilizazio deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, larunbatera arte, "Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat" lemapean. Donostiako Zuloaga plazan Aske Gunea antolatu dute. Egunero, eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 19:30etan denetariko ekitaldiak burutuko dira bertan; musika, antzerkia, erakusketak, agerpenak...
Gaur elkarretaratzea deitu dago, Zuloaga plazan. Astea, Donostian bertan burutuko den manifestazio nazionalarekin borobilduko da larunbatean, uztailaren 2an. Usurbilgo Ezker abertzaleak ekimen hauei atxikimendua adierazteko dei egiten die herritarrei.
Iturria: usurbileginez.com.