Oilasko Biltzaileen Egunak, ibilbidez aldatuko du aurtengoan

Noaua Aldizkaria 2011ko eka. 30a, 00:00

Ostiralarekin batera ospatuko da aurten, Santixabeletako Oilasko Biltzaileen Eguna. Eguna argitu aurretik jarri dute hitzordua antolatzaileek. Gosaltzeko hain zuzen, 5:30etan. Gerora ekingo diote eguerdira arte luzatuko den kalejirari. Aurten osatuko duten ibilbidea ordea, desberdina, berria izango da. Iaz, Santuenea, Urdaiaga eta Txokoalde inguruak zeharkatu zituzten oilasko biltzaileek. Oraingoan ordea, Arratzain aldera joko dute eta Kapotzetik barrena, Kaxkora bueltatuko dira. Bazkaritarako bilduko dira gero, eta ondoren, hainbat jokoetan parte hartzeko aukera izango dute.

Patata tortilla txapelketa
Gastronomia jaietako osagai garrantzitsuetako bat izan ohi da. Baita aurtengoan ere. Besteak beste, patata tortilla txapelketa antolatu dute ostiral arratsalderako, oilasko biltzaileen jokoak ospatu osterako. Hitzordua, 19:00etan finkatu dute txosnetan. Tortilla onena egiten saiatu nahi dutenei antolakuntzatik ohartarazten zaienez, oinarrizko osagaiak, hala nola, arrautzak, patatak edo gatza ekitaldian bertan banatuko dira. Aldiz, parte hartzaileek eraman beharko dute zartagina, baita hala nahi badituzte, "osagai gehigarriak ere". 

Governors, Hotzikara eta Ze Esatek! gauean
Asteburuari indartsu eta jai giro betean ekiteko, kontzertu gau batekin borobilduko da Santixabel bezpera. Ekitaldia, ostiral gau honetako 23:30etan hasiko da. Hiru talde igoko dira frontoiko oholtza gainera: Hotzikara herriko musika taldea, Ze Esatek! eta Governors. 
Hiru musika taldeon informazio gehiago helbideotan aurki daiteke: 
myspace.com/hotzikarausurbil 
myspace.com/zeesatektaldea 
myspace.com/governorszone