Iragarri bezala, herriko jaiak hasteko modua desberdina izango da aurtengoan. Ez bakarrik txupinazoagatik, baita aipatu suziria piztu aurretik eta ondoren deituak dauden ekitaldiengatik ere. Gaur arratsaldeko 17:00etan Askatasuna plazan kokatuko diren txosnak irekitzearekin batera, lehen aldiz gazte olinpiadak ospatuko dira. Parte hartzeko gogoa eta 16 urte beteak izatea, horiek dira, joko hauetan esku hartzeko jarriak dauden baldintza bakarrak.
Antolatzaileek joko kooperatiboak bultzatu nahi dituzte ekitaldi honetan. Hartara, lehiakortasuna alboratu eta saltsa sortzea da euren asmoa. Baita, herriko gazteen arteko harremanak indartzea ere. Eta noski, ondo pasatzea. Herriko gazteek antolatu dute hitzordu hau, baita, igande gaueko 23:30etatik aurrera Askatasuna plazan bertan ospatuko den bertsio gaua ere. Bertan, herriko musika talde desberdinetako kideak elkarrekin nahasturik kanta ezagunak "bertsionatuko" dituzte. Talde hauetako kidea izan gabe, musika instrumenturen bat jo eta ekimenean parte hartu nahi duenak, antolakuntzarekin jar daiteke harremanetan, helbide honetan hain zuzen: bertsio.gaua@hotmail.com.
Saloi dantzak
Jaiak ofizialki hasi aurreko azken minutuetan, 19:30etan bertso triki poteoa burutuko da. Txupinazoa jaurti eta flashmob-a dantzatu ostean, gaur afalaurretik, beste dantza mota batzuez gozatzeko aukera izango da frontoian. Sabel eta saloi dantza erakustaldia burutuko baita pilotalekuan.
Kontzertuak, gauean
Jaietako lehen eguna, Askatasuna plazan ospatuko diren kontzertuekin borobilduko da. Gaueko 23:00etatik aurrera txosnetako oholtza gainean izango dira,
Itziarren Semea, Egurrata Kitto eta Willis Drummond taldeak.