Bruño ahizpei espetxe zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak nahiz kartzelara ez diren joango, hedabideen arabera

Noaua Aldizkaria 2011ko eka. 30a, 00:00

Eitb.com berri ematen ari denez, Espainiako Auzitegi Nazionalak urte bete eta hiru hilabeteko espetxealdia ezarri die Blanca eta Maria Isabel Bruño Azpiroz ahizpei, ustez 6.000 euro ordaintzeagatik ETAri 2003-2006 urte artean hainbat gutun jaso ostean. Edozein kasutan, zigorra hau izanik ere, ez dituzte espetxeratuko. Lehen aldia da, Auzitegi Nazionalak halako zigorra jartzen duen lehen aldia da.
 
Halaber, Andres Bruño e Hijos enpresan kargua betetzeko hiru urte eta lau hilabeteko erabateko ezgabezia ezarri die. Ahizpek beldur gainditu ezina izan zutela, eta horrek jokabide salbueslea suposatzen duela uste du Auzitegi Nazionalak. Izan ere, fiskalak, 5 urteko kartzela zigorra eta 27.000 euroko isuna eskatu zituen Rosa eta Maria Isabel Bruño ahizpentzat, baina ez dira kartzelara joango. Auzitegi Nazionaleko bigarren gelako Jose Ricardo de Prada Solaesa epailearen boto partikularra izan du epaiak; izan ere, epaile hori auzipetuen absoluzioaren alde zegoen. Bi ahizpek erakundearen gutunak jaso zituztela onartu dute, 2003an eta 2006an hain zuzen, baina ukatu egin dute exijitzen zitzaien dirua inoiz ordaindu izana. ETA-ren kolaboratzaile ez, biktimak direla azpimarratu dute, duela 30 urte euren aitak lehen aldiz iraultza zergaren gutuna jaso zuelako, eta egun "Justiziaren biktimak" euren kontra hasitako epaiketagatik. Horrexegatik azpimarratu dute "iraingarria dela ETAko kolaboratzaile izatea leporatzea ETAren biktimak direnean". 2008an "Thierry" atxilotu zuten Polizia operazioan, ETAk bi ahizpei ordainketa eskertzeko igorri zien gutun bat atzeman zieten.

Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNV, EA eta Aralar aurka
Auzitegi Nazionalak Bruño ahizpei ezarritako zigorra bertan behera uzteko eskatu dute gaur EAJko, Aralarreko eta EAko Legebiltzarreko taldeek. ETAri 6.000 euro ordaintzea leporatu die Auzitegi Nazionalak Blanca Rosa eta Maria Isabel Bruño ahizpei eta, ondorioz, 15 hilabeteko kartzela zigorra ezarri die. Gaur, Legebiltzarrean Joseba Egibarrek (EAJ), Aintzane Ezenarrok (Aralar) eta Juanjo Agirrezabalak (EA) agerraldi berezia egin dute erabaki honen aurkako jarrera adierazteko. Egibarren hitzetan "bidegabekeria" da Bruño ahizpen aurkako epaia eta Justiziari "egindakoa konpontzeko" exijitu dio. Ahizpek ETAri 6.000 euro ordaindu ziotela "ez dute frogatu", Egibarren esanetan. Zentzu horretan, EAJko bozeramaileak adierazi du "30 urtez xantaia pairatu duen familia batek" zigorra jasotzea "ezinekoa" dela. Ildo berean, Ezenarrok erabakiaren "kutsu politikoa" goraipatu du. "ETAk xantaia utzi egin duela esan duenean etorri da epaitegien erabakia". "ETAren biktima izan direnak orain Justiziaren biktimak dira. Erantzun politikoa eta juridikoa eman behar dugu", defendatu du Aralarrek. Bruño ahizpei elkartasuna adierazi die Eusko Alkartasuneko bozeramaileak. Epaia "zuzentzeko" exijitu du, "bidegabekeria" delako.

Iturria: eitb.com.