Santixabeletako azken eguna herri kirolei lotutako desafioekin datorkigu. Igande goizean, 3. mailako Euskadiko Aizkolari Kanporaketa jokatuko da. Tartean, herriko aizkolariek ere parte hartuko dute. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Usurbilgo harria altxatzeko marka jartzen ahaleginduko dira (gizonezkoak eta emakumezkoak). Ondoren, giza-proba: Usurbilgo selekzioa (1.000 kg-ko harria) idi-parearen aurka (1.800 kg-ko harria).
Erraldoien erakustaldia
Zanpantzarrek alaituko dute igande goiza. Nafarren presentzia nabarmena izango da gainera. Batetik, Aoizko erraldoiak eta bestetik, Murtxanteko jotariak bisitan izango ditugu Usurbilen. Mus txapelketa, jubilatuen bazkaria... Ohiko ekitaldiok ere bere tartea izango dute uztailaren 3an.
Afalaurretik, Skandalue
Jai egitarauan ez dago iragarria, baina azken unean, Skandalue elektrotxaranga taldea Usurbilen izango dela baieztatu du Udalak. Igande arratsaldeko afalaurrea girotuko du. Iaz Azpeitian sortu zen taldea, hain zuzen udalerri hartako herriko jaietarako, San Inazioetarako. Ska estiloa jorratzen dute. Talde ezagunen abestien bertsioak joko dituzte Kaxko inguruan igandean burutuko duten kalejiran.
Traka eta bertsio gaua, afalostean
Ohi bezala, jaien bukaera ikusgarria izango da. Aurten ere, azken trakarekin borobilduko dira Santixabelak. Eta ondoren, bertsio gaua txosnetan. Herriko musika taldeetako kideak elkarrekin nahasturik abesti ezagunak "bertsionatuko" dituzte. Ekimenean parte hartzeko aukera zabalik dago. Taldeotako kidea izan gabe, musika instrumenturen bat jotzen dutenek, Askatasuna plazan ospatuko den jaietako azken ekitaldian parte hartzeko aukera dute, bertsio.gaua@hotmail.com helbidera e-mail bat bidalita.
Hona hemen, festetako azken egunerako Jai Batzordekoek prestatu duten egitaraua:
09:00 Esnadeia dultzaineroekin.
Egun osoan, dultzaineroak.
11:30 Zanpantzarrak.
11:30 Herri kirolak. 3. mailako Euskadiko Aizkolari Kanporaketa. Bertan, herriko aizkolariak ere izango dira.
12:00 Meza Nagusia.
12:30 Aoizko erraldoiak eta Murtxanteko jotariak.
13:00 Herriko dantzarien emanaldia.
14:00 Jubilatuen bazkaria.
15:30 XV. Mus txapelketa txosnetan.
18:00 Buruhandiak eta Usurbilgo eta Aoizko erraldoiak dultzaineroekin.
18:30 Herri kirolak. Usurbilgo harria altxatzeko marka jartzea (gizonezkoak eta emakumezkoak).
Ondoren, giza-proba: Usurbilgo selekzioa (1.000 kg-ko harria) idi-parearen aurka (1.800 kg-ko harria).
19:00 Skandalue elektrotxaranga.
23:00 Jaien bukaera.
23:30 Herriko musika taldeen bertsio-gaua txosnetan.
Antolatzailea: Santixabeletako Jai Batzordea.