Udalak Santixabel zoriontsuak opa dizkie herritarrei, atzoko hasiera ekitaldian adierazi zenez

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 1a, 00:00

Festen hasiera desberdina izango zela iragarria zegoen eta hala izan zen atzokoan, arrazoi desberdinak tarteko. Lehena, ekitaldiak ordu eta leku berriak estreinatu zituen, Dema plazan eta arratsaldez ospatu baitzen. Gainera, Elizako horma parean jarri zuten oholtza gainean, udal ordezkari gehienak izan ziren. Bildu, EAJ-PNV eta Aralarreko zinegotziak. Gerora, aurten Jai Batzordeak hondakinen gaian eginiko lanagatik omendu nahi izan zituen Usurbil Zero Zabor taldekoek ere udal ordezkaritzarekin partekatu zuten oholtza gaina.
 
 
 
Txupinazoa jaurtitzearekin batera, errausketaren aurka eta zero zabor politiken alde Zubietan martxoaren 20an grabatu zen "Hartu nahi dut arnas" flashmob-a dantzatuz ekin zieten herritarrek aurtengo jaiei.

Udal adierazpena
Usurbilgo Udalaren izenean alkate berriak hartu zuen hitza. Hona hemen, bere osotasunean, Mertxe Aizpuruak irakurri zuen adierazpena:

Gora Santixabelak!
Azkenean iritsi dira hainbeste desio ditugun festa egunak! Urte osoko nekeak, penak, estresak, etsipenak albo batera utzi, eta jai giroan, parrandan, senideekin, lagunekin, auzokoarekin, bikotekidearekin edota seme-alabekin igarotzeko egun paregabeak dira. 

Gutako askok ez dugu seguru zorte hori izango, etxekoa edota laguna gurekin ez dugulako, arrazoi ezberdinak medio. Horregatik gaurkoan gure artean izango ez ditugun herrikideei eta, bereziki presoei agurrik sentikorrena igorri nahi diet; ea hemen gaur bildu den festarako gogo eta ilusioa ziega urrun haietara iristen diren. Aro politiko berri baten atarian gaude. Bakea eta konponbidea inoiz baino gertuago ditugula ezin uka. Hori lortzea izango dugu helburu, zuekin batera elkarlanean lan eginez. 

Duela gutxi hartu dut alkate kargua, eta ohore bat da niretzat eta udal gobernu berri honentzat Santixabelei hasiera ematea, are gehiago Usurbil Zero Zabor taldeko kideak gure aldamenean izanda. Lan eskerga, bolondreskoa, egiten ari dira gure ingurumenaren eta osasunaren alde. Gure kontzientziak astindu, eta gure seme-alabei, eta ondorengoei Usurbil atseginagoa, garbiagoa eta osasungarriagoa utz diezaiegun ari dira lanean. Aupa zuek! 

Eta ezin ahaztu guk ondo pasatzeko, hilabeteotan lan talde handi bat aritu dela festak prestatzen, horregatik gaurkoan jai batzordeari ere egindako lana eskertu nahi diet. Egitarau zabala eta bikaina prestatu dute, beraz, ahaztu ajeak, eta parte hartu ekimen eta ekitaldi guztietan. Ez naiz gehiago luzatuko. Festa zoriontsuak opa dizkizuet guztioi, eta topera aprobetxatu. Ahaztu nekeak, eta murgildu festan. Gora Santixabel! Gora Usurbil!