Bi eguneko mendi irteera antolatu dute Andatza Mendizale Elkartekoek Pirinioetara, asteburu honetarako. Uztailaren 9 eta 10erako txangoan parte hartu nahi dutenek ordea, izena aldez aurretik eman beharko dute, gaur dute horretarako azken eguna. Antolakuntzatik berri eman dutenez, "Ikasleek 20€ ordaindu beharko dute izena ematerakoan eta gainontzekoek 30€, aterpeko pentsio erdia eta autobusa barne direlarik. Aurretik 10 € jarriko dira". Dirua, mendizale elkarteak Kutxan duen honako kontu korronte zenbakian ingresatu behar da: 2101.0069.16.0121883656. Izen ematerakoan, aipatu moduan, 10 euro ordaindu beharko dira.
Bilera, uztailaren 7an
Ohi bezala, asteburu pasa baino lehen, txangoari buruz hitz egiteko bilera antolatu dute Andatzakoek. Uztailaren 7an finkatu dute hitzordua, bilguneak udaletxe ondoan duen egoitzan (Kontzejuzarra 3), arratsaldeko 19:00etan, "ibilbidearen xehetasunak, ordutegiak, argibideak eta eraman beharrekoak argitzeko". Antolatzaileek ohartarazten dutenez bestalde, "Andatza Mendizale Elkarteak antolatzen dituen ekitaldietako eta irteeretako federatuen istripuak, mendi federazioko aseguruak babesten ditu. Gainontzeko partaideen asegurua norberaren ardura da". Informazio gehiago Andatzakoen web orrian.
EGITARAUA
Pirinieoetarako asteburu pasa, egitarau honen inguruan antolatu dute Andatzakoek:
Uztailak 9
6:30 "Irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik. Astuneko eski estaziotik abiatu, eta 2.268 mko Pico de Mala Cara igo ondoren, gainez-gain Pico de la Canal Roya eta Peña Blanca igaroko ditugu Portaletera iristeko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da. Autobusak Piedrafita de Jacako aterpera eramango gaitu, bertan afaldu eta lo egiteko.
Uztailak 10
"Aterpean gosaldu ondoren, autobusak Escarrillara eramango gaitu, eguneko txangoari hasiera emateko. La Escarrako urtegitik pasa ondoren 2.303 mko Pico de Las Tres Huegas aldera abiatuko gara. Gailurra egin ondoren Izas lepora jaitsi eta Izas Canala hartuko dugu Canfranera iristeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da. Ondoren autobusez Usurbilera itzuliko gara".