Hainbat irteera prestatu dituzte Gaztelekukoek, uztaila osorako

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 5a, 00:00

12-16 urte arteko gazteei zuzendutako zenbait ekintza antolatu dituzte Gaztelekuan, uztailerako. Astero DBH-ko maila bakoitzari zuzendutako ikasleentzat ekimenak izango dira. Udalerri desberdinetako Gaztelekuetako hezitzaile eta ikasleak biltzen dituen "Gipuzkoa ezagutzen" programaren baitn, hainbat txango burutuko dituzte. Ostegun honetan, uztailaren 7an esaterako, DBH 2.mailakoekin Donostiara joango dira, hondartzara eta piraguatan ibiltzera.


Hartu emanetan, beste Gaztelekuekin 
Datorren astean, DBH-ko 1.mailakoei begira prestatu dituzten ekintzen artean, uztailaren 11n Usurbilen, 12an Zumaian, 13an Zizurkilen eta 14an Donostian izango dira, lekuan lekuko Gaztelekuetako kideekin. Gurean, tailer eta ur zein txantxa jolasetan parte hartzeko aukera izango dute. Zumaian, flish-ak ikusi eta hondartzara joango dira, Zizurkilen olinpiadetan ezin hobeto pasako dute eta Donostian Urgullera igo, jolastu eta Ondarretara joko dute gero. Handik igerian irlara joatea da euren asmoa. Uztaileko hirugarren astean, DBH 3 eta 4 mailetako ikasleen txanda izango da. Hilaren 18an, Gaztelekuan bilduko dira hainbat jolasetan parte hartzeko eta hiru egun beranduago, Zubietara joango dira Paintball-ean jokatzera. Hilabeteko azken asterako, eta irailera arte gunea itxi aurretik, Gaztelekua garbitu eta txukuntzeko hitzordua deitu dute. Uztailaren 28an izango da, eta bi egun beranduago, hilaren 30ean ekintzetan atera dituzten argazki bilduma ikusteko geratuko dira. 

Oharra
Gaztelekuko ordutegia uztailean erabat aldatuko da. Bertatik ohartarazi dutenez, “uztailean zehar ekintza bereziak bakarrik egingo dira, beraz beste egunetan Gaztelekua itxita egongo da”. Baita abuztu osoan ere, irailean irekiko dute berriz, ikasturte berria hasitakoan. Bestalde, hilabete honetarako antolatu dituzten irteeratara joan ahal izateko, gazteek gurasoen baimen idatzia beharko dutela gogorarazten dute Gaztelekutik. Gazteek txangoetara, ogitartekoa, bainujantzia eta aldatzeko arropa eraman beharko dute. Egun osoko txangoak izango dira. Oro har, goizeko 10:00etan irten eta arratsaldeko 18:00ak aldera itzuliko dira. Informazio gehiago: gaztelekua@usurbil.net edo 943 371 050.