Asteburuan Andatzakoekin Pirinioetara joan aurretik, argibideak jasotzeko aukera gaur

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 7a, 00:00

Uztaileko bigarren asteburu honetarako, Pirinioetara irteera antolatu dute Andatza Mendizale Elkartekoek. Izena eman dutenek, asteburu pasara joan baino lehen, beharrezko argibideak jasotzeko aukera izango dute, antolatzaileek gaur arratsalderako deitu duten bileran. Andatzakoek udaletxe ondoan duten egoitzan (Kontzejuzarra 3), arratsaldeko 19:00etan finkatu dute hitzordua, "ibilbidearen xehetasunak, ordutegiak, argibideak eta eraman beharrekoak argitzeko". 

Antolatzaileek ohartarazten dutenez bestalde, "Andatza Mendizale Elkarteak antolatzen dituen ekitaldietako eta irteeretako federatuen istripuak, mendi federazioko aseguruak babesten ditu. Gainontzeko partaideen asegurua norberaren ardura da". Informazio gehiago Andatzakoen web orrian.

EGITARAUA
Pirinioetarako asteburu pasa, egitarau honen inguruan antolatu dute Andatzakoek: 

Uztailak 9
6:30 "Irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik. Astuneko eski estaziotik abiatu, eta 2.268 mko Pico de Mala Cara igo ondoren, gainez-gain Pico de la Canal Roya eta Peña Blanca igaroko ditugu Portaletera iristeko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da. Autobusak Piedrafita de Jacako aterpera eramango gaitu, bertan afaldu eta lo egiteko. 

Uztailak 10 
"Aterpean gosaldu ondoren, autobusak Escarrillara eramango gaitu, eguneko txangoari hasiera emateko. La Escarrako urtegitik pasa ondoren 2.303 mko Pico de Las Tres Huegas aldera abiatuko gara. Gailurra egin ondoren Izas lepora jaitsi eta Izas Canala hartuko dugu Canfranera iristeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da. Ondoren autobusez Usurbilera itzuliko gara".