Uztailaren 23an abiatuko dira Zubietako Santio jaiak

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 7a, 00:00

Santixabeletako ajea pasa berri den honetan, gertu dira jada hurrengo jaiak. Bi aste barru abiatuko dira Zubietako Santioak, uztailaren 23an hain zuzen. Astebetez luzatuko diren festetan, ohi denez, denetariko ekintzak tartekatuko dira. Kontzertuak, zikiro jana, errebote partida, oilasko biltzaileak, haurrei zuzenduriko jokoak, antzerki emanaldiak... Uztailaren 31 arte izango da, zer ospatua, zer ikusi eta zer entzuna Zubietan. Egunez eguneko egitaraua, web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta daiteke jada. 

Abuztuan gehiago
Jai giroak gurean ez du ez etenik, ezta oporrik hartuko abuztuan. Hasteko, Urdaiagako San Estebanak ospatuko dira lehen astean. Abuztuaren 3a, auzoko jai egun nagusia asteazkenarekin egokituko da aurtengoan. Abuztuko lehen asteburuan Urdaiagara joan etorri ugari egiteko aitzakia ugari izango da.

Hilabeteko azken asteburuan berriz, hau da, abuztuaren 26tik 28ra ospatuko dira bestalde, Atxegaldeko festak. Hamabost urteko etenaldiaren ostean, 2007an itzuli zen jai giroa bertara. Aurten festak berpiztu zireneko edizio borobila ospatuko dute, bosgarrena alajaina.