Santixabelei begira antolatu ohi den Bertsopaper Lehiaketak badu irabazlerik. Joan den larunbatean, jai giroan ospatu zen bertso saioaren ostean eman ziren jakitera sarituaren izen abizenak. Jon Aizpurua Esnaolak jantzi zuen txapela, bigarrena iazko edizioa ere berak irabazi baitzuen. Hauxe da, epaimahaiak saritu duen bertso sorta:
Hiltzen ez diren istorioei
Atzo balitza bezala
gordea lehen begirada
herriko festak aitzaki
joana nintzen plazara.
Trikiti soinuen lagun
hango dantza ta bultzada
bi begi urdinen ehiza
hasi nuen sigi-saga.
Esan zidaten zinela
marinelaren alaba
pausoz pauso joan nintzen
gaindituz nire ikara
inoiz sentitu ez nuen
taupaden arrapalada.
Hirurogeita bi urte
pasatuak honezkero
eta ilusio horri
eutsi diot egunero
etxera laguntzekotan
hasi genuena edo
aitzakia bihurtu zen
elkartzeko iluntzero
zure ile beltzaranak
ninduen karabinero,
zure masail gorritxoek
nire muxuak espero,
beste iluntze baten zain
loak hartzen nindun gero.
Ez ziren bi urte pasa
ezkondu ginenerako
gurera etorri zinen
mesede baserrirako
haseran ama, anaia,
eta osaba Donato
bi alaba, hiru seme
ia konturatzerako.
Gose urteak ondoren
zenbat trantze, zenbat malko
haziendak mantentzeko
sufritu genuelako,
behintzat bihotza ez nuen
nere hankak bezain flako.
Gorriak ikusi arren
hura ere gainditu zen
ukuiluan genituen
hiru txerri gizen-gizen
barazkiak ere bide
oparotik zihoazen
eta merkatuan salduz
aurrerantza gindoazen.
ondorenak ere hazi
eta bideari zuzen
gu ginen bezain zorteko
guztiak izan zitezen
ta berriz maitale gazte
bezala sentitu nintzen.
Adinak ez du barkatzen
eta zimurrak agertu,
nork ez lituzke hartuko
halako bi begi gertu!
jubilatu ordurako
nahiz ta bizkarrak okertu
ez al zen sentimendu hau
hamaika bider bidertu?
zure irrien distira
ez zen sekula atertu,
zuretzat dena hain bizi
nahiz besteontzat desertu,
sekula ezingo dizut
bizitakoa eskertu.
Orain zazpi hilabete
aurkitu zuten koskorra
malkotan ito nahi nuen
halako berri lehorra
amore ez eman arren
benetan da gaitz gogorra
nola liteke amets bat
golpez horrela izorra?
Saiakeraz saiakera
maniobraz maniobra
bularra kenduta ere
alferrik izan da, horra
zuk bizia galdu duzu,
nik bizitzako altxorra.
Baldosa zuridun gelan
xehetasun denei adi
nik ere eutsi nahi nion
zure azken arnasari
pantailako marratxoak
ez zuen segi saltari
zure bihotzaren hotsak
ez zuen segi kantari
azken besarkada hura
gure oroimenen kabi
malkotan galdetu nizun
oraindik ez daukat argi,
nola esaten zaio agur
hil ez den maitasunari?
Gaur eliza atarian
masail denak malkotan blai
zure arima gidatuz
kolpeka hamaika kanpai
kutxa begien jomugan
ta guztiok hari jarrai
aldarera iritsi naiz,
nahiz uste ez nintzela gai.
Bizitzak amaiera du
nahiz ez dugun ulertu nahi
biloba, seme-alaba...
ez nago bakarrik lasai
ni eurekin geratzen naiz
istorio hau ere bai!