Santixabelak baloratzeko bilera deitu du Jai Batzordeak, uztailaren 14rako

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 8a, 00:00

Santixabelak amaituta, ospatu berri diren jaiak baloratzeko garaia dator orain. 2011. urte honetako herriko festek eman dutena aztertzeko bilera deitu du Jai Batzordeak, datorren ostegunerako, uztailaren 14rako. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etan finkatu dute Artzabalgo aretoan. Deialdian nabarmentzen denez, "garrantzitsua iruditzen zaigu jaien balorazioa egitea ondo egindakoak mantendu eta hobetu beharrekoak bideratzeko". Jaien antolaketan parte hartu duten herriko elkarte eta taldeak gonbidatuak daude ekitaldira, eta haiei guztiei ebaluazio-orri bat helarazi zaie, aurtengo Santixabelak balora ditzaten. Haientzat da, hain zuzen, Jai Batzordearen hurrengo oharra ere: "Egokia litzateke, egun horretarako, ahal balitz, diru-kontuak zuritzeko agiriak ekartzea".


Balorazioa, bilera egunerako prest 
Balorazio orrian, herriko talde eta elkarteei ekintza bakoitzean zer atera den ondo eta zer ez aipatzea proposatzen zaie. Baita emakume eta gizonen parte hartzea nolakoa izan den aztertzea ere; orekatua, desorekatua... Beste puntu hauei buruz ere, herriko talde zein elkarteek duten iritzia jaso nahi du Jai Batzordeak; datorren urterako antolatu beharreko ekintzan kontuan hartu beharrekoak, Santixabeletako gainerako ze ekintza atera diren ondo, zeintzuk ez; jaien antolaketa orokorra nolakoa izan den... Ebaluazio orri hau, uztailaren 14a, hau da, bilera eguna baino lehen Kultura Zerbitzura eramatea eskatzen dute Jai Batzordetik.