Izen emateko epea astelehenean itxi zen, atzo arratsaldean burutzekoak ziren beharrezko argibideak jasotzeko bilera, eta azkenean, bihar goizean abiatuko dira Pirinioetara. Andatza Mendizale Elkartekoek Santixabelak ospatu eta astebetera antolatu ohi duen txangora joateko asmoa dutenek larunbat goizalde honetan dute biltzeko hitzordua. 6:30etan hain zuzen, Oiardo kiroldegi ondoan. Autobusez egingo dute bihar joan eta igandean itzultzeko bidaia. Asteburu pasarako honako egitaraua prestatu dute Andatzakoek:
Uztailak 9
6:30 "Irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik. Astuneko eski estaziotik abiatu, eta 2.268 mko Pico de Mala Cara igo ondoren, gainez-gain Pico de la Canal Roya eta Peña Blanca igaroko ditugu Portaletera iristeko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da. Autobusak Piedrafita de Jacako aterpera eramango gaitu, bertan afaldu eta lo egiteko.
Uztailak 10
"Aterpean gosaldu ondoren, autobusak Escarrillara eramango gaitu, eguneko txangoari hasiera emateko. La Escarrako urtegitik pasa ondoren 2.303 mko Pico de Las Tres Huegas aldera abiatuko gara. Gailurra egin ondoren Izas lepora jaitsi eta Izas Canala hartuko dugu Canfranera iristeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da. Ondoren autobusez Usurbilera itzuliko gara".