Atxegaldeko festak bueltan datoz, abuztuko azken asteburuan

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 12a, 00:00

Hamarkada batetik gorako etenaldiaren ostean, 2007an itzuli ostean, Atxegaldeko festen bosgarren edizioa ospatuko da aurtengoan. Urteurren borobil hau, ez zaie oharkabean pasa Jai Batzordeko kideei. Festetan argituko den sorpresa berri batekin datoz aurtengoan. 


Ohi bezala, datorren hileko azken asteburuan ospatuko dira Atxegaldeko festak, abuztuaren 26tik 28ra. 48 ordu pasatxoz jai giroak ez du etenik izango, auzoko plaza nagusian. Txupinazo eta luntx ederrarekin emango diote ongi etorria. Larunbatean haur eta gaztetxoei zuzenduriko ekitaldiak nagusituko dira, joko, txokolatada eta bestelako ekitaldiekin. Jaietako azken egunean, lehia giroa nagusituko da, toka eta tortilla txapelketekin. Gauetarako noski, musika eskaintza zabala prestatu dute Jai Batzordekoek: Itziarren Semeak, Bizardunak, Joxpa, Mendeku Itxua... Eta baita herri-afaria ere. Festak hasi bezala amaituko dira. Ondoko irudiak erakusten duen moduan, traka argitsu eta ikusgarriarekin. Egunez eguneko ekitaldi zerrenda, web orrialde honetako "Agenda" atalean kontsulta daiteke jada.