53 mendizale joan ziren asteburuan Pirinioetara, Andatza Mendizale Elkarteak antolatutako txangora

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 12a, 00:00

Giro ederra, eguraldia ere lagun eta parte hartzea ere azpimarratzeko modukoa. 53 mendizale egon dira asteburuan Pirinioetan, Andatza Mendizale Elkarteak, urte garai honetan antolatu ohi duen txangoan. Hauxe da antolakuntzatik balorazio moduan NOAUA!ra helarazi duten kronika:


"53 mendizale joan gara Astun-Portalet ibilbidea egitera larunbatean eta Escarrilla-Izas-Canfranc ibilbidea igandean. Gehienok usurbildarrak baina oriotarrak, beasaindarrak eta hernaniarrak ere izan dira gurekin. Eguraldia oso ona izan dugu, eta 53ko taldea oso ondo moldatu gara. Aipamen berezia aurten etorri den gazte taldearentzat, izan duten jarrera baikor eta jatorrarengatik, eta baita Miel Arrastoarentzat ere, 84 urterekin ibildeetan gurekin izateagatik. 

Larunbatean goizeko 6:30ean Usurbildik abiatu ginen. Astuneko eski estaziotik 2.268 mko Pico de Mala Carako gailurrera igo ginen, Ibon de Astun lakuaren albotik pasa ondoren. Gainez-gain Pico de la Canal Roya, Peña Blanca eta Pico de Aneu igaro genituen Portaletera iritsi aurretik. Sallent de Gallego herria bisitatu ondoren, Piedrafita de Jacako aterperako bidea hartu genuen bertan afaldu eta atseden hartzeko. Igandean aterpean gosaldu ondoren, autobusak Escarrillara eraman gintuen, eguneko txangoari hasiera emateko. La Escarrako urtegitik eta Ibon de la Sierratik pasa ondoren, Escarraco lepora iritsi ginen. Otordua egin ondoren, Izas Canaletik behera Canfranera iritsi ginen. Usurbilera itzultzeko autobusa hartu aurretik, Aragon ibaian freskatzeko ere tartea izan genuen".