Musika eskaintza zabala, aurtengo Santioetan

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 13a, 00:00

Astebeterako izanik, datozen Santioek ospakizun askotarako tartea eskainiko dute. Musikari dagokionean ere, eskaintza zabala prestatu dute Jai Batzordekoek. Egan, Laiotz, Itzartu, Gozategi edota Trikihots, Euskal Herri mailan ezagunak diren taldeekin erromeri giroa nagusituko da Zubietako frontoi estalian. Trikitixa doinuei ere tarte berezia egin nahi izan diete Jai Batzordetik. Nekane eta Oihana eta Uxue eta Lierni trikitilari gazteak arituko dira aurtengo Santioetan, baita Ansorregi eta Larrañaga ere. Herriko talde bat ere igoko da Zubietako oholtza gainera; Mendeku Itxua hain zuzen. Ixak Arrutik, Ander Aizpuruak, Martin Larrañagak eta Iñigo Rotetak osaturiko taldeak Gau Pasa Egunean eskainiko du kontzertua, uztailaren 30ean. Zubietan bakarrik ez, San Estebanetan eta Atxegaldeko festetan ere emanaldi bana eskainiko dute usurbildarrek.