Uraren Eguna ospatuko dute ostiral honetan, Udajolasen

Noaua Aldizkaria 2011ko uzt. 14a, 00:00

Egun eguzkitsua iragarria dago ostiral honetarako, uztailaren 15erako, aproposa Udajolasen ospatuko duten Uraren Egunerako. Begiraleen esanetan, hilabete osoan arrakastarik gehien duen ekintza edo ekintzetako bat baita, 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoak goitik behera blaitzen dituen ekimena. Aipatu moduan, bihar ospatuko dutena. 


Beste hainbat ekintza ere programatuak dituzte Udajolasen, udaleku irekiok uztailaren 29an amaitu artean. Astero irteera bat egitekoak dira; eginak edo egiteke dituzte, Hernaniko igeriluetara, Ibarrako ludotekara, edota Urdaiagara gau bat pasatzera. Astean behin baita, Kirolaren Eguna ospatzen dute. Hitzorduetan, kirolari loturiko jarduerak burutzeko tartea hartzen dute Udajolasen parte hartzen ari diren 106 gaztetxo eta 16 begiraleek. Eta gero, hutsik egiten ez duten urteroko ekimenak ere hor dituzte; oka jokoa, Zirkoaren Eguna, bihar burutuko duten urari loturiko ekimena... NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko aisialdi eskaintzak, jada lehen hamabostaldia betetzear du. Oraindik beste bi aste geratzen zaizkio ordea, amaierara heltzeko.