Zenbait batzar egin ostean, eta egungo buruek euren ardura utziko zutela iragarri ostean, eskubaloi elkarteak jada lanerako prest dagoen zuzendaritza talde berria osatu du. 2011-2012 ikasturteari begira, taldea laguntzeko gonbita luzatzen diete herritarrei.
2.nazional mailakoak, salbu
Datorren denboraldian, maila berean jokatuko zuten edo ez zalantzan egon ostean, egoera argitu da jada; 2011-2012 denboraldian 2.nazional mailan jokatzen jarraituko du aipatu kategorian aurten lehiatzen aritu den eskubaloiko taldeak. Taldeak berak baieztatu du albistea, eta hauxe da, gertatu denaren inguruan egin duten kontakizuna: “12. postuan geratu zen 14tik. Hasiera batean azken biek bakarrik jaitsi behar zuten, 13.ak eta 14.ak, baina 1. nazional mailatik talde euskaldunek maila galdu zutenez, eta 2. nazional mailatik 1. nazional mailara euskaldunik ez zenez igo, gu "arrastre"agatik behean geunden, jaisten zen taldeari tokia uzteko eta hori jakinarazi zigun federazioak. Diru kontuak direla eta, ordea, Estatuko talde batzuk uko egin behar izan diote 1. nazionaleko plazari, eta beraz, Espainiako Federazioak maila hori osatzeko 1. mailatik jaitsi zen Zumaiako Pulpo berreskuratzea erabaki zuen 2. nazionaletik. Beraz, "arrastre" faktorea ez zegoenez, eta klasifikazioa errespetatuz, 2. nazionalean mantentzea lortu dugu".