Andatzara asteburu pasa antolatu dute ITAYA Gazte Asanbladakoek

Noaua Aldizkaria 2011ko abu. 29a, 00:00

Irteera antolatu dute Andatzara ITAYA Gazte Asanbladakoek. Hitzordua, larunbat honetarako, irailaren 3rako finkatu dute, arratsaldeko 16:00etan frontoian. Handik, aipatu moduan, Andatza aldera joko dute eta bertan igaroko dute gaua. 

Ez da gazteen bilgunetik egunotarako antolatu duten hitzordu bakarra. Datorren irailaren 10erako hitzaldi bat ere programatua baitute, Sutegin. Usurbilgo historian izan diren gazte mugimenduetako zenbait ordezkarik parte hartuko dute, arratsaldeko 19:00etan hasiko den ekitaldian. Jarraian herri afaria antolatu dute Askatasuna plazan. Txartelak aldez aurretik eskuratu ahal izango dira, Irratin eta Txiribogan. Gazte asanbladak Artzabalen burutu zuen aurkezpen ekitaldiko irudia da ondokoa.