Kantu berria estreinatuz itzuli eta traka burrunbatsuarekin joan dira Atxegaldeko jaiak

Noaua Aldizkaria 2011ko abu. 29a, 00:00

Bart gauean amaitu dira ostiralean hasi eta 48 orduz etenik gabe auzoan jai giroa ziurtatu duten Atxegaldeko festak. Indaberriturik itzuli dira, festetako zapi eta kamiseta arros berriekin, baita azken hileotan landu duten kanta berriarekin ere. Ostiralean txupinazoa jaurtita, denak dantzan jarri zituen jaietako abestia estreinatu zuten Jai Batzordeko kideek festa gunean bilakatu den "Parkeipeko plazan". Haur jolasak, auzotarrak lehian jarri dituen boleibol txapelketa originala, edota patata tortila txapelketa ospetsuak ere ez du huts egin aurtengoan. Kontzertuei dagokienean, jendetsua izan zen ostiral gaua, Itziarren Semeak eta Bizardunak taldekoekin, inguruetatik ere jende dezente erakarri zuten. Larrak borobildu zuen goizaldera arteko tartea.


Leporaino bete zen bestalde, Josune Aranbururekin larunbat gauean ospatu zen kantu-afaria. Gaurko eta atzoko kantu errepertorioari errepaso ederra eman zioten bertaratu zirenek giro ezinhobean. Mendeku Itxua herriko taldearen kontzertuaz eta Joxpakoen emanaldiaz gozatu ahal izan zen gero. Amaitzeko, dantzarien txanda izan zen atzokoan, Dj Büru herritarrak dantzan jarri zituen Atxegaldera hurbildu zirenak arratsaldean. Eta bukatzeko, argiz eta kolorez beteriko traka burrunbatsuak agurtu ditu aurtengo festak. Datorren urtera arte.