Santueneako Jai Batzordeak prest du jada, iraileko hirugarren asteburuan auzoan ospatuko diren jaietako egitaraua. Ekitaldien artean, jada herritarren artean oihartzuna izaten ari den azpimarratzeko moduko hitzordua; Gatibu talde ezagunak kontzertua eskainiko baitu Santuenean, irailaren 16an, euren web orrian iragartzen ari diren moduan, gaueko 23:00etatik aurrera. Sai taldeak ere gau berean emanaldia eskainiko du eta ostiral gaua Itzartu taldeak borobilduko du.
Herri bertso-bazkaria
Irailaren 16an hasi eta 18ra arte luzatuko dira Santueneako jaiak. Txupinazoa jaurtitzearekin batera, txokolate eta sardina jana iragarriak daude, buruhandien irteerarekin eta Zumartxan txarangaren kalejirarekin batera. Larunbatean, haurrei zuzendutako ekitaldiak nagusituko dira eta gauean, jada tradizioan bihurtu diren bi hitzordu ospatuko dira; lehenik, Josune Aranbururekin kantu afaria, eta ondoren, goizaldera arte, Dj Larrak dantzan jarriko ditu Santuenean bildutako guztiak.
Toka txapelketak esnatuko du jaietako azken eguna. Jai Batzordeak, hamaiketako eta dantzarien emanaldiaren osterako gordea du ordea, aurtengo beste berrikuntzetako bat; herri bertso-bazkaria. Zehaztasun gehiago datorren astekarian. Egunez eguneko ekitaldi zerrenda, web orrialde honetako "Agenda" atalean.