Hiru emanaldi eta hiru saioz osaturiko ikastaroa antolatu ditu Txerriki Antzerki Taldeak, aurtengo III. Topa Eszenikarako. Irailaren 22tik 24ra arte eszenikoei tartea egingo zaie, Usurbilen antolatu diren hitzorduekin. "Nik egin beharko & Ko" bakarrizketa saioa, bertsoa eta antzerkia uztartuko dituen "Erregea eta bufoia eta Irrien Lagunak" ikuskizuna eta "8 begi" antzezlana programatu ditu antolakuntzak Sutegiko auditorioan.
Hitzorduokin batera, "Interpretazioa pertsonaiekin" izeneko ikastaroan parte hartzeko aukera eskainiko du Txerriki Antzerki Taldeak. Asier Sotak gidatuko du. Saioak arratsaldez eta Agerialden izango dira, hilaren 22tik 24ra, 16:30-19:30 artean. Izena aldez aurretik eman beharko da, txerriki@gmail.com helbidean. Plaza mugatuak izango dira. Txerriki taldetik ohartarazi dutenez, hiru egunetarako ikastaroan izena ematen dutenek izango dute, plaza lortzeko lehentasuna. Egun bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko dira, baina antolakuntzak eskaintza berezia egin nahi die 3 egunetarako ikastaroan parte hartu nahi dutenei: 25 eurotan.
Egunez eguneko egitaraua, web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta daiteke. Iazko edizioan Sutegin burutu zen ikastaroa ageri da, ondoko irudian.