AEK-k "hitza ematen dizu" matrikulazio kanpaina aurkeztu du

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 7a, 00:00

"AEK-k hitza ematen dizu" hauxe da ikasturte berriko matrikulazio kanpainarako AEK-k hautatu duen leloa. Atzo aurkeztu zuten prentsaurrean. Berri eman zutenez, iaz 12.252 herritar matrikulatu ziren Euskal Herri osoan barreiatutako ehunetik gora euskaltegitan. Bizkaiaren atzetik, Gipuzkoan matrikulatu ziren ikasle gehienak, 2.581 guztira. Aurten, seirehunetik gora irakasle arituko dira lanean AEK-n. 

Atzoko aurkezpen saioan, koordinatzaile Mertxe Mugikak pasa den Korrika 17rako AEK-k asmatu zuen hitz berria ekarri zuen gogora. Euskalakaria, "euskara ikasi, maitatu eta erabiltzen duen pertsona". Hitz horrek bere esanetan, ez du indarrik galdu ezta galduko ere, "guztiok euskalakariak izango garen Euskal Herria lortu arte, Euskal Herria euskalduna lortu arte". AEK-k 2011-2012rako prestatu duten eskaintza aurkeztu zuten prentsaurrean.

Matrikulazio epea zabalik
Usurbilen artean, joan den ostegunaz geroztik zabalik dago matrikulazio epea Etumeta-AEK euskaltegian. Euskara ikasi, hobetu edota azterketaren bat prestatu nahi duenak euskategian matrikulatzeko aukera du jada. Eskaintza zabala aurki liteke Etumeta AEK euskaltegian. Klaseak eguneko tarte desberdinetan, maila desberdinetako ikastaroak... Urriaren 3an abiatuko da 2011-2012 ikasturtea AEK euskaltegian. Matrikulazio kanpainari buruzko zehaztasun gehiago jarraian: 

Matrikulatzeko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00-13:00 / 18:00-20:00.
Tokia: Etumeta-AEK euskaltegia, Kale Nagusia, 45 behea.
Eskaintza: maila guztiak, autoikaskuntza, mintzalagun, hizkuntz eskakizunen prestaketak, HABEko azterketak prestatzeko aukera.
Ikasturte berriaren hasiera: urriak 3, astelehena. 
Klaseak: goizez, eguerdi partean eta iluntzean.
Informazio gehiago: 943 372 001, usurbil@aek.org edo egoitzan bertan.