Errausketaren aurkako giza-katea deitu dute Donostian, iganderako

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 8a, 00:00

Errausketaren aurkako plataformen koordinadorak, urtero moduan giza-katea deitu du igande honetarako, irailaren 11rako. Ohi bezala, mobilizazioa Kontxako hondartzan burutuko da, estropaden bigarren jardunaldi egunean. 

Plataformako ordezkariek joan den ostiralean burutu zuten deialdia, prentsaurrean, Zubietako errauste plantarentzat moratoria aplikatzeko benetako aukera dagoela ziurtatu zuten. Moratoriak iraun artean, koordinadorakoen ustez, aipatu denbora tartea atez ateko bilketa sistema Gipuzkoa osora hedatzeko baliatu beharko litzateke. Kepa Olaiz, Maria Luisa Sanchez eta Lourdes Erasok hedabideen aurrean gaineratu zutenez, guztiz baikortzat jo dute Bildu herrialdeko hainbat udaletara eta Foru Aldundira heldu izana, nahiz azpimarratzen dutenez, hondakinen kudeaketaren alorrean benetako aldaketaren alde lanean jarraitzea beharrezkotzat jotzen duten. Maiatzaren 22an buruturiko hauteskundeen ostean jazo den aldaketa, guztiz baikorra da euren ustez, eta errausketaren aldeko apustua egin zuten alderdiek jasandako galera azpimarratzen dute. Halere, ohartarazten dutenez, "inork ez du pentsatu behar dena konpondua egon eta errausketa historiara igaro denik".

Iturria: GARA.