Kantu-jirarekin hitzordu berria, irailaren 24an

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 13a, 00:00

Lanean dira berriz, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak. Ikasturte berriko lehen hitzordua finkatu dute jada. Ohi bezala, irailareko azken larunbaterako, hilaren 24rako. Betiko orduan eta tokitik abiatuko dira; 19:00etan Mikel Laboa plazatik. Bilgunetik berri eman dutenez, "udako isiltasunaren ondoren, Susi Elosegi andereñoaren laguntza paregabeaz, berriro kantuz ekingo diogu Usurbilgo Euskal Kantuzaleok. Ilunabarreko 7etan Mikel Laboa Plazan elkartuko gara, kalez kaleko dinamikan, Euskal Herriko kultura, eta modu berezian Euskal Kantuak eta Musika berreskuratzeko asmoz. Kantu zaletasuna bultzatuz, kale-giro goxo bat sortzea gustuko duenak hauxe du auzolan polita. Beraz, ekin kantuari eta goxatu". 


Gonbita luzatua dute beraz, ez bakarrik ordea kantu-jirarako, baita entsegu saioetarako ere. Ikasturte berriko saioak irailaren 27an abiatuko dituzte. Hortik aurrera, asteartero bilduko dira Udarregi ikastolako musika-gelan, 19:00-20:00 artean. "Parte hartzeko izena ematea nahikoa da. Kanturako ez da inongo abilezia berezirik eskatzen, gogoa izatea aski da. Ekimen hau, Usurbilgo udalaren laguntzaz doakoa da", gaineratu dute Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik.