Euskara ikasteko gonbita luzatu dute, Buruntzaldeko udal eta euskaltegiek

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 14a, 00:00

Iraila hasieratik abian da euskaltegian, 2011-2012 ikasturterako matrikulazioa. Buruntzaldeko udal eta euskaltegietako ordezkariek, izen eman eta euskara ikasteko gonbita luzatu diete herritarrei, gaur eguerdian Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan burutu duten aurkezpen ekitaldian. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrek eskaintza zabala eskuragarri dutela gogorarazi nahi izan dute beste hainbeste euskaltegietan. Ikastaroen ordutegietan malgutasuna eta euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko aukera ere badutela gaineratu dute.

Buruntzaldea.org
Euskaltegietako matrikulazio kanpainari buruz jakin beharreko guztia, buruntzaldea.org web orrialdean jaso daiteke. Bertan, udazken honetan hasi eta datorren urteko ekainera arte, herrika eta mailaka antolatuko diren ikastaroei buruzko informazioa zintzilikatu dute sei udalerriotako euskaltegi eta udalek. Gainera, udalerri bakoitzean zer nolako diru-laguntzak eska daitezkeen jakitearekin batera, norberak duen maila ezagutzeko testak egiteko aukera dago baita, buruntzaldea.org helbidean.

Udal diru-laguntza ugari
Buruntzaldeko udal eta euskaltegietako ordezkariek, iazko ikasturteari loturiko zenbait datu ere eskaini dituzte gaurko agerraldian. 730 ikasle inguru hurbildu ziren Buruntzaldeko euskaltegietara; 61 Andoainen, 85 Astigarragan, 300 bat Hernanin, 236 Lasarte-Orian, eta 48 Usurbilen. Beste datu bat; sei herriotako udalek laguntza moduan 119.700 euro banatu zituzten, Buruntzaldean euskara ikasten aritu zirenen artean. Horietatik, 10.952 euro Usurbilgo Udalak, eskaera egin zuten 36 ikasleren artean.