Bost egun baino ez dira geratzen, Irrien Lagunen Klubaren I. Eguna Usurbilen ospatzeko. Irailaren 25ekoa, bederatzi orduko etengabeko jaialdia izango da, goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arte luzatuko dena. Hiru gune desberdinetan burutuko dira iragarriak dauden ekitaldiak; frontoia, Dema plaza edota Askatasuna plaza biltzen dituen herri gunean, Mikel Laboa plazan eta baita Artzabalen ere. Jaialdira gerturatzeko asmotan direnek, besteren artean, "Ongi etorri Pupu eta Lore" ikuskizunaz gozatu ahal izango dute. Hori bai, azken aldiz. Katxiporretak prestatu eta igandean Usurbilen 12:30etatik aurrera eskainiko duena, azken emanaldia izango baita.
Irrien Lagunen Klubaren I. Egunak ordea, gehiagorako ere emango du. Besteak beste, Irrien Lagunak Klubeko sari banaketa ospatuko da, euren Kanta eta Dantza ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. Beste hainbat ekitaldietan, herriko taldeak izango dira protagonista nagusiak; Erleen Lagunak bilgunekoak, Alkartasuna kooperatibakoak, dantza taldekoak, Ziortzakoak, Txerriki antzerki taldekoak... Eta ezin ahaztu, Etiopia-Utopia Fundazioa ere. Eurek antolatuko baituta Askatasuna plazan dastatu ahal izango den herri-bazkaria. Irailaren 25ekoa elkartasun jaialdia ere izango da, bildutako laguntza aipatu fundaziora bideratuko baitu antolakuntzak. Eguneko egitarau osoa Agenda atalean kontsulta daiteke.