Herriko hainbat taldeek ere parte hartuko dute, igandeko jaialdian

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 23a, 00:00

Guztia prest dute antolatzaileek, igande honetan, estreinakoz Usurbilen ospatuko den Irrien Lagunak Klubaren I. Egunerako. Antolakuntzan eta irailaren 25ean ospatuko diren ekitaldien artean, nabarmentzekoa da herriko talde desberdinek izango duten presentzia. Usurbil Zero Zabor taldekoen eskutik esaterako, haur jolasa izango da plazan. Dantza taldekoek kalejira lehenbizi, eta frontoian emanaldia eskainiko dute gero. Ziortza Gazte Elkartekoak ere ekimen berri honetan izango dira. Buruhandien antolakuntza euren gain hartu dute, baita arratsaldean frontoian izango den txokolate jana prestatzea ere. Alkartasuna Kooperatibakoen azoka ere iragarri dute antolatzaileek, baita Erleen Lagunak taldekoen eta Txerriki talderen laguntza ere, Udarregi ikastola eta Udalaren parte hartzea eskertzearekin batera. 

Edozein kasutan, bereziki azpimarratzekoa da, Etiopia-Utopia taldearen esku hartzea. Irailaren 25eko jaialdian jasotako laguntza talde honengana bideratuko da. Usurbilgo zenbait herritar daude aipatu bilgune honetan, eta haiek izango dira, besteak beste, Askatasuna plazan burutuko den herri bazkaria antolatuko dutenak. Informazio puntua eta denda ere kokatuko dituzte Mikel Laboa plazan.