Mundu bat Irrien Lagunak Klubaren egunean

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 25a, 00:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek jendea erakartzeko abilezia berezia dute. Aspaldikoa da. Ez da gauza berria. Baina gaur ikusi dugunez, Irrien Lagunak Klubak ere jarraitzaile asko ditu. Mundu bat bildu baita gaur Usurbilen. Etiopia Utopia fundazioarekin batera antolatu dute gaurko eguna eta herriko talde askok parte hartu dute antolaketan. 

Eguerdian, frontoia eta Dema plaza txiki geratu dira. "Ongi etorri Pupu eta Lore" saioaren azken emanaldia ikusteko irrikitan bildu dira haurrak eta gurasoak, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak. 

Eguzkia eta beroa izan dira nagusi eta, arratsalde partean, Artzabalen egin den apar festan poz pozik ibili dira haurrak, eta gurasoak inbiditan...

Irrien Lagunak Klubaren egunak jarraipena izango du datorren urtean. Baina ibiltaria izateko asmoz jaio denez, beste herri batek jasoko du datorren urtean Irrien Lagunak Klubaren festa.