Mikel Roteta jokalari ohia fitxatu du Usurbil F.T.-k

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 27a, 00:00

Futbol jokalari ohi bat fitxatu du Usurbil F.T.-k, hasi berri den denboraldi honetarako; Mikel Roteta. Aurrerantzean, preferente mailako taldeko entrenatzailea izango da. “Ia bi hilabete daramatzate lanean eta oso pozik gaude entrenatzaile eta jokalarien lanarekin”, adierazi dute Usurbil F.T.-ko zuzendaritzatik. Denboraldia ezin hobeto hasi dute, lehen bi neurketak irabazi baitituzte, eta ondorioz, sailkapen buruan egotera ailegatu dira. Iazko emaitzei esker bestalde, galdutako maila berreskuratu dute aurtengorako. Horregatik, helburua, “mantentzea, maila horretan egonkortzea izango da. Urte on bat egiteko zortea badago, hobeto”.


Zazpi talde, Futbol Eskolarekin batera
2011-2012 denboraldirako Usurbil FT-k zazpi talde osatu ditu. Nagusien mailan, nesken taldea berreskuratu du eta hainbat saiakeren ostean, baita orain arte ez zegoen berri bat sortu ere; infantil neskena hain zuzen. Infantiletan ere bi mutil taldeek jokatuko dute aurten, Usurbil F.T.-tik berri eman dutenez ordea, hauetako bat ziurrenik futbol zortzian ariko da. Kadete mutilen taldea ere osatu da, eta aurtengoan, aurreko denboraldietan ez bezala, alebin federatuen taldea izango du Usurbil F.T.-k. Azkenik, aipatu, ia 40 gaztetxok eman dutela izena Futbol Eskolan.