Kilometroetara joateko bus eta tren zerbitzu bereziak, igande honetan

Noaua Aldizkaria 2011ko ira. 30a, 00:00

Gipuzkoako ikastolen aldeko jai eguna dugu igande honetan, urriaren 2an. Kilometroak 2011 Azpeitian ospatuko da eta hara joan etorria egiteko tren zein bus zerbitzua indartu du EuskoTrenek. Usurbildik trenak orduerdiro igaroko dira Zumaia aldera (7:31,8:01, 8:31, 9:01, 9:44, 10:01, 10:31, 11:01...) eta handik Azpeitiara joateko orduerdiro hartu ahal izango da autobusa (...9:00, 9:30, 10:00, 10:30...). 

Bueltatzeko Azpeitian, eta laurdenero eta laurden gutxiro hartu ahal izango da Zumaiara joateko autobusa. Eta han, trena orduerdiro abiatuko da Usurbil aldera, eguerdiko 12:00etan hasi eta gaueko 22:30ak artean. Aipatu joan etorri hau bus eta trenez egiteko, txartel berezia prestatu du EuskoTrenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Informazio gehiago: 902 543 210 telefono zenbakian.

Musika eta ikuskizunak nagusi
Azpeitia inguratuko duten bost gunedun ibilbidea osatu ahal izango da, urriaren 2ko Kilometroak jaialdian. Lehen gunea, Azpeitiako Ikastolan kokatuko da. Bertan haur ikuskizunak nagusituko dira; Irrien Lagunak, Hipo eta Tomax... Baina baita kontzertuak ere, Anje Duhalde eta Ken 7 bertan izango dira. Bigarren gunean musika nagusi, Betagarri, Ze Esatek!, Lauroba edota Kasik taldeen kontzertuekin. 

Hirugarrenean, motozerra erakustaldia, eta musika, Des-kontrol edota Trikizio taldeek jarriko dute. Loiola inguruan kokatuko da laugarren gunea, bertso eta dantza saio, herri kirol eta trikitixa doinuekin. Eta azkenik, herriko enparantzan, 5. gunean, Dj-ak; San Praixkuetan astebete barru izango den DJ Abiba eta Oihan Vega Gazteako esataria. Honi guztiari egun osoan zehar burutuko diren beste hainbat ekitaldi gehitu behar zaizkie. Jan edanik ere ez da faltako Azpeitian. 

2000. urtean Azpeitian bertan ospatu zen edizioarekin alderatuta, oraingoan bai, eguraldi ederra iragarri dute iganderako. Giro eguzkitsua, eta 30 gradutik gorako tenperatura, Euskalmeten arabera. Egitarau osoa eta informazio gehiago, kilometroak.net helbidean jaso daiteke.

Reala-Athletic
Igandean bertan futbolzaleek beste hitzordu garrantzitsua dute. Eguerdiko 12:00etan hasita, Reala eta Athleticen artean jokatuko den derbya hain zuzen. Hara joateko, bus eta trenak ohiko ordutegian igaroko dira Usurbildik. Kilometroetako antolatzaileek partida ikusteko pantaila erraldoiak jarriko dituztela iragarri dute.