Hilero antolatu ohi dute mendi irteera bat, oraingoan, Urbasa aldera. Andatza Mendizale Elkartekoek urriaren 16rako txangoa prestatu dute. 20 kilometrotan, Unanua-Beriain-Lizarraga ibilbidea osatzea proposatzen dute. "Unanuatik Beriain mendira igo eta Goñiko gainak zeharkatuko ditugu Lizarragako mendatera iritsi aurretik. Goñiko gainetan Euskal Herriko erdigune geografikoa aurkitzen da. Itzulia amaitutakoan eta eguraldia lagun badugu, otordua egingo dugu ingurune eder horretan. Janaria norberak eraman behar du. Edaria Andatza Mendi Elkarteak eramango du", ohartarazi dute antolakuntzatik. Ibilaldia bost bat ordutan egitea aurreikusten dute.
Urbasa aldera joateko hitzordua, hilaren 16an goizeko 7:30etan finkatu dute Oiardo Kiroldegian. Autobusez egingo da joan etorria. Irteeran parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. 10 euroko ordainketa egin behar da urriaren 12a baino lehen, Kutxan mendizale elkartekoek duten kontu korronte zenbaki honetan: 2101.0069.16.0121883656. Andatzatik gogorarazten dutenez, "Mendizale Elkarteak antolatzen dituen ekitaldietako eta irteeretako federatuen istripuak, mendi federazioko aseguruak babesten ditu. Gainontzeko partaideen asegurua norberaren ardura da". Informazio gehiago andatza.com web orrialdean.