Errauste plantako lanak gertutik ikusteko aukera larunbatean, ITAYA-koen eskutik

Noaua Aldizkaria 2011ko urr. 10a, 00:00

Zubietan eraikitzen ari diren errauste planta, kartzela eta industria guneko lanak gertutik ikusteko irteera antolatu du ITAYA Gazte Asanbladak, larunbaterako, urriaren 15erako. Bilgunetik adierazi dutenez, "guztiok ikusi dugu han nonbait lur mugimendua badela, baina oso gutxi dira gerturatu eta mendia jasaten ari den txikizioa bertatik bertara ikusi dutenak". Gogorarazi dutenez, "ikuste hutsarekin bat baino gehiago hunkituta geratuko da". 

Hitzordua aipatu moduan, urriaren 15erako finkatu dute. Goizeko 9:30etan Mikel Laboa plazan. 3 orduko irteera izango da. Lehenbizi Santuenera joko dute, handik Amirira, gero Letabidera joateko. Bertan lanak ikusi ostean, Zubietara jaitsi eta Troiatik barrena berriz Kaxkora itzuliko dira. Ondoko irudian, ITAYAkoek bidalitako ibilbidearen mapa.