Aitzaga Elkarteak eta ITAYA Gazte Asanbladak antolatuta, Luzio Urtubia militante anarkistaren bizitza gertutik ezagutzeko aukera izango da urriaren 28an, Sutegiko auditorioan. Gaueko 22:00etan hasita, berari buruzko dokumentala proiektatuko dute eta jarraian, Nafarroako Kaskanten jaio baina aspalditik Parisen bizi den lagunarekin hitz egiteko aukera izango da.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, Urtubiak, "militante anarkista betidanik, egun 80 urte ditu baina borrokarako grina ez du galdu. Bere bizitzan hamaika gorabehera ezagutu ditu ofizioz igeltsero zenak. Dokumentalean jasota daude hainbat pasarte esanguratsu eta harrigarri. Egia esateko, Luzio bera da harrigarria. Han hemenka, etenik gabe, eskaintzen dituen hitzaldi eta topaketetan transmititzen duen errebeldia eta indarrak herritarrak -batez ere gazteak- konkistatzen ditu".
Artisautza Azoka
Urte garai honetarako Aitzaga Elkarteak aurten ere hutsik egingo ez duen beste hitzordu bat ere deitua du. Azaroaren 1erako hain zuzen, egun horretan ospatuko baita XVI. Artisautza Azoka. Goizean zehar frontoira gerturatzen denak bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, zeramika, otargintza, metalgintza... denetariko hogei bat postuetatik barrena osteratxoa egiteko aukera izango du. Baita hamaiketako goxoa dastatzeko aukera ere, txorizoa eta taloa hain zuzen.