Konpostatze komunitarioa egin nahi dutenek, izen ematea zabalik dute

Noaua Aldizkaria 2011ko urr. 20a, 00:00

Etxean hondakin zati organikoa autokonpostatzeko modurik ez dutenek, aurrerantzean taldean organikoa ongarrian bihurtzeko aukera izango dute, konpostatze komunitarioa bultzatu nahi baitute Usurbil Zero Zabor taldeak eta Usurbilgo Udalak. 

Funtzionamendua erraza izango da. Egitasmoan interesa duten herritarrek izena eman dezakete jada, Atez Ateko bulegora edo Usurbilgo Udalera gerturatuta. Konpostatze komunitarioa egiteko taldea osatutakoan, Udalak eurei herriko gune bat proposatuko die. Gero Udalak egokituko du gunea; itxitura batekin, zoladura egokiarekin eta 150 litroko beharrezko konpostatzaileak ere jarriko ditu. Taldeak konpostatzeari buruzko ikastaro bat egin beharko du, eta arduradun bat izendatu. Gero, konpostatze komunitarioan lorturiko ongarria erabiltzaileek euren etxeetan baliatu ahal izango dute. Bestela, Usurbilgo Udaleko zerbitzuek hartuko lukete. Konpostatze komunitarioan parte hartzen duten herritarrei %40ko hobaria aplikatuko zaie tasetan.

Organikoaren herena, ongarri bihurtua iaz
Konpostatze komunitarioa egitea ez da kontu berria. Nazioartean leku batean baino gehiagotan burutzen dute konpostatze komunitarioa, Usurbilgo Udalak berri eman duenez; Flandian, Kanadan, Nantesen... Eta gertuago, Euskal Herrian, baita Nafarroan ere, Iruñea inguruko hainbat udalerritan. Egitasmoan parte hartu izan duten herritarrek balorazio baikorra egin ohi dute. Egun ia 500 sendiek autokonpostatzen dute. 2010. urteari lotutako beste bi datu; bildutako hondakinen %38a, gehiena, organikoa izan zen. Hortik herena,  %31 autokonpostatu zuten herritarrek, Usurbilgo Udalaren arabera. Konpostatze komunitarioari esker, aipatu ehunekoa are gehiago igotzeko aukera egongo da laster.