Asteburu honetan Tolosan ospatuko den Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan usurbildar batzuk parte hartuko dute Landarbaso Abesbatzarekin. Hala nola, Elixabet Eizagirre, Oihana Eizagirre, Maialen Pagola, Javi Puente, Iñaki Zugasti eta Agurne Alkorta. Aipatutako hauek abeslari moduan hartuko dute parte. Baina hauez gain, abesti batean beste bi usurbildar txalapartari arituko dira laguntzen, Alazne Begiristain eta Iker Muguruza hain zuzen ere. Landarbaso Abesbatza lehenik urriaren 30ean lehiatuko da polifoniako sailean 16:00Etan Tolosako Leidorren. Bigarren lehiaketa aldia urriaren 31ean izango da, folklore sailean, eta hau ere toki berdinean eta ordu berdinean izango da. Jada lehiaketa ikusteko sarrerak agorturik daude, baina abesbatza ikusi nahi izanez gero urriaren 29an, larunbatean, Zarautzen, azken emanaldia egingo dute arratsaldeko 20:30ean.