Sekañako II. Fasea hiritartzeko proiektua gauzatzeko lanen esleipenean, aldaketak txertatuko ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2011ko urr. 27a, 00:00

Sekaña lur eremuko II. Fasea hiritartzeko proiektua exekutatzeko obra kontratuari dagokionean zenbait aldaketa txertatzea onartu zuen udalbatzak, atzoko ezohiko osoko bilkuran. Orain arte puntazio altuena zuen Construcciones Morga S.L. enpresak eginiko eskaintza ekonomikoa alboratzea erabaki zen, Mertxe Aizpurua alkateak bozketa aurretik berri ematen zuenez, neurriz kanpokoa zela iritzita. Honenbestez, puntuazio onena lortu zuten enpresen zerrendan hurrengoari, bigarrenari, kasu honetan, Bardera Obras Civiles y Maritimas SL-ri dokumentazioa eskatzea erabaki zuen udalbatzak. Aldaketa hauen alde agertu ziren Bildu, Aralar eta PSE-EE-ko ordezkariak. Hamaikabatek aurka bozkatu zuen.


Plan Berezia behin betiko onartua
Sekaña eremuari loturiko bigarren erabaki bat ere hartu zuen atzo Usurbilgo Udalak. Hiri Antolamendurako Plan Berezia behin betikoz onartu zuen udalbatzak. Plana Foru Aldundira bidaliko da orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Bildu, Aralar eta PSE-EE-ko ordezkariek babestu zuten erabakia, Hamaikabatek abstentziora jo zuen.