"Xentimorik gabe", baina beti umorez

Noaua Aldizkaria 2011ko aza. 4a, 00:00

Paul Riosen hitzaldi batekin abiatu zen atzo Kulturaldia, NOAUA!k urtero azaro partean antolatzen duen zikloa. Larunbatean, ordea, Inazio Tolosa eta Ramon Agirre aktoreak izango dira Sutegiko oholtza gainera igoko direnak. Honakoan, gainera, eurak dira antzezlanaren egileak. Ia beti beste baten gidoiaren morroi izatea tokatzen zaie baina honakoan Inazio eta Ramon dira gidoilari, eta Inazio eta Ramon dira aktore. Horrek ardura handiagoa eskatu dien arren, libreago aritzeko bidea eman die.

“Xentimorik gabe” doinuz eta umorez zipriztindutako antzezlana da. Ray eta Nik dira protagonistak. Mila saltsatan eta mila tokitan aritu diren musikariak. Ramon Agirreren esanetan, “hasieratik argi genuen titiriteroen mundua zela oinarria, jolas ildo nagusia hortik zihoala. Bi tipo hauek musikaren inguruan bizi behar zuten, eta oso gezurtiak izan”.
Obra honen beste bereizgarri bat hauxe da: umorea eta kantu ezagunak bidelagun, publikoarekiko  konexioa berehalakoa izan ohi da.


Sinopsia bezain ona bada...
Antzezlanaren aurkezpen moduko testua duzue hauxe: “Ray eta Nick bikotea sortu zen garaian artistak binaka ibiltzen ziren, guardiazibilak bezala: Simon & Garfunkel, El Dúo Dinámico, Al Bano eta Romina, Pantxoa ta Peio... Artista hauek bi hamarkada baino gehiago eman dituzte munduan zehar euren trebetasunak erakusten. Ez dago kontinenterik, ez hiri handi edo herrixkarik Ray eta Nik-en arteaz gozatu ez duenik. Plajioaren erregeak titulua jaso zuten aspaldi merezimendu osoz eta arrakasta zer den badakite, baita eskasia eta miseria ere.  Xentimorik gabe izeneko ikuskizunean euren ibilbidearen pasadizoak eta gehiago kontatzen dituzte, justu etxera itzultzeko ordua heldu zaienean. Oraindik sasoi betean badaude ere eta munduko bazterrak nahasteko afizioa galdu ez duten arren, euren jatorrira bueltatzeko aholkua aintzat hartzea erabaki dute”.

Azaroaren 5ean larunbata 19:00h, “Xentimorik gabe” antzezlana Sutegin.