Kontzertu gaua gaur, Akerra Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2011ko aza. 4a, 00:00

Gaur 23:00etatik aurrera kontzertu gaua ospatuko da Txokoaldeko Akerra Gaztetxean. The Muckers Band rock talde durangarrak eta Ostruka talde nafarrak joko dute bertan. Eta jarraian, antolatzaileen esanetan, "eztarria utzi nahi duenak" karaokean parte hartu ahal izango du.


Ikasle Eguna bihar, Villabonan
Bestalde, larunbat honetan, azaroaren 5ean Ikasle Eguna ospatuko da Villabonan. Usurbilgo ITAYA Gazte Asanbladatik bertara joateko deia zabaltzen ari dira. "Ikasle, gazte eta herritar orori dei egiten diogu azaroaren 5an Billabonara gerturatu dadin Ikasle Eguna 2011z gozatu eta ikastera!", adierazi dute bilgunetik.

Hona hemen bertan antolatu duten egitaraua: 
11:00 Ikasle Topaketak eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko gunea.
Eguerdian, bazkari herrikoia eta bertso saioa.
17:00 Porrotx, Largabista eta Martin Bertsolari, Irrien Lagunakeko kideak frontoian. Herriko kaleetan Patxaranga elektrotxaranga.
19:00 Ekitaldi politikoa karpan.
20:00 Kontzertu gaua: bi karpa, frontoi bat, 14 talde, 10 ordu musika, dantza eta festa, bokatak, edaria... Guztia, 5 eurotan.

Informazio gehiago: ikasleabertzaleak.org