Uholdeen biharamunean, argindarrik gabe jarraitzen dute hainbat zonaldetan. Goiz partetik argia joan eta etorri, etorri eta joan ibili da baina arratsaldeko 18:00etan etxe askotan argirik gabe zeuden oraindik. Portal batzuetan esate baterako, etxebizitza batzuetan argia zegoen eta beste batzuetan ez. Bordaberri kalean, Eguzkitzaldean, Bazar Txinan argirik ez zen baina aldameneko Kandem hizkuntza eskolan bai. Saltokietan, bistan denez, eraginik izan du argi mozketak. Iturralde farmazian, esate baterako, 12:00etatik argi-indarrik gabe izan dira baina lanean jarraitu dute. Kaffa kafetegia edota Juantxo burdindegian argirik ez da izan arratsaldean.
Udal iturriek aditzera eman digutenez, Iberdrolakoak ari dira lanean. Antza, Zubietako sub-estazioa da kalteturik dagoena. Transformadoreak urak txikituta, konponketa lanetan dira baina, bien bitartean, sub-estazio mugikor bat ekartzekoak ziren Bilbo aldetik. Arazoek egun osoan jarraitu dute ordea.
Zubietan, Aliriko zubia itxita
Aliriko zubia itxita jarraitzen du, izan ere, urek gainezka egin zuten eta lokaztuta dago bidea. Enborrak eta zakarra ere badira bidean.
Santueneko zubia, irekita
Santueneko zubia ordea ireki dute. Goizean goiz udal langileak lanean zebiltzan eta dagoeneko bidea irekitzea lortu dute.