Gaikako bilketa eraginkorrak proposatzen ditu Sanmarkoko Bilduk, hondakinen arazoa konpontzeko

Noaua Aldizkaria 2011ko aza. 8a, 00:00

Sanmarko Mankomunitatean atzo bertan burutu zuen batzarrean aurkeztu zituzten proposamenen haritik, zenbait argibide emateko prentsa oharra helarazi du hedabideetara, aipatu erakundean Bilduk duen ordezkaritzak. Mankomunitatek zuzendaritzan zenbait aldaketa proposatu dituztela berri eman dute, zehazkiago esanda, lehendakaria eta lehendakari orde berriak izendatzea erabaki dute, erakunde barruan "egin beharreko lana modu eraginkorrago batean" burutzeko, hondakinen kudeaketari begirako "gure ildo nagusiak indartu asmoz". 

Sanmarkoko Bilduko ordezkarien esanetan, "gai honekiko dugun ardurak eta erantzukizunak eraman gaitu Zuzendaritzan egindako aldaketak proposatzera, orain arteko kideen egoera pertsonalak ez baitzuen aukerarik ematen behar bezala lan hau aurrera eramaten".

Irtenbide sostengagarriak eta parte hartzeko deia
izendatu dituzten kide berriak, Bilduren esanetan, "buru belarri arituko dira San Marko Mankomunitatean egin beharreko lana aurrera ateratzen eta udalen arteko lankidetza bultzatzen". Mankomunitateko udalerrietarako gaikako bilketa eraginkorrak abiatzea proposatzen dute, "honela birziklaezinak diren hondakinak ahalik eta gutxien izan daitezen". Modu honetan, hondakinen inguruan Gipuzkoan dagoen arazoari aurre egiteko euren esanetan, "irtenbide sostengagarriak eta kutsadura gutxitzen duten ekimenak bultzatzen lagunduko dugu". 

Baina asmo hauek gauzatzeko herritarren laguntza beharrezkotzat jotzen dute. "Hondakinen kudeaketan lan itzela dugu aurretik baina denon parte hartze arduratsu baten bitartez lor dezakegu konponbidean aurrera pausoak ematea, lurraldearen etorkizuna, ingurumena, osasuna eta ekonomiaren aldetik, baldintzatu gabe", dio Sanmarko Mankomunitateko Bilduko ordezkaritzaren prentsa oharrak.