Atez Ateko bulegotik berri eman dutenez, autokonpostaje ikastaroa antolatu dute azaroaren 17rako, 19:00etatik aurrera Artzabalen. Ikastaroa autokonpostajea egiten dutenei edo egiteko asmoa dutenei, edota gai honen inguruan interesa duen edonori zuzendua dago.
Konpostaje komunitarioa
Etxean hondakin zati organikoa autokonpostatzeko modurik ez dutenek, gogoan izan, autokonpostaje komunitarioa egin dezaketela. Aurrerantzean beraz, taldean ere zati organikoa ongarrian bihurtzeko aukera egongo da, Usurbil Zero Zabor taldea eta Usurbilgo Udala bultzatzen ari diren egitasmoari esker.
Egitasmoan interesa duten herritarrek izena eman dezakete Atez Ateko bulegoan edo Usurbilgo Udalean. Konpostatze komunitarioa egiteko taldea osatu behar da, eta taldea osatutakoan, Udalak eurei herriko gune bat proposatuko die. Gero Udalak egokituko du gunea; itxitura batekin, zoladura egokiarekin eta 150 litroko beharrezko konpostatzaileak ere jarriko ditu. Taldeak konpostatzeari buruzko ikastaro bat egin beharko du, eta arduradun bat izendatu. Gero, konpostatze komunitarioan lorturiko ongarria erabiltzaileek euren etxeetan baliatu ahal izango dute. Bestela, Usurbilgo Udaleko zerbitzuek hartuko lukete. Konpostatze komunitarioan parte hartzen duten herritarrei %40ko hobaria aplikatuko zaie tasetan.
Organikoaren herena, autokonpostatua
Egun ia 500 sendiek autokonpostatzen dute Usurbilen. 2010. urteari lotutako beste bi datu; bildutako hondakinen %38a, gehiena, organikoa izan zen. Hortik herena, %31 autokonpostatu zuten herritarrek. Konpostatze komunitarioari esker, aipatu ehunekoa are gehiago igotzeko aukera egongo da laster.