Bertso bazkaria, ipuin kontaketa saioa, bizikleta irteera edota patinaje ikastaroa antolatu ditu Zubieta Lantzenek asteotarako. Azaroaren 13an, bizikleta irteera burutuko dute. "Mendi bizikleta hartu eta gure inguruan buelta bat emango dugu 2 edo 3 ordutakoa", adierazi dute bilgunetik. Gero, bazkaritarako bilduko dira Joko-Garbi elkartean. Ekimenean parte hartzeko asmoa dutenek e-mail bat bidal dezakete, m.berasategi@telefonica.net helbidera.
Bestalde, aurten ere in-line patinaje ikastaroan parte hartzeko aukera izango da. Zubieta Lantzenen eskutik, bi saio antolatu dira azaroaren 19 eta 20ko astebururako. Goizez eta bi orduz, 11:00-13:00 artean, 6-14 urte artekoentzat. Prezioa, 10 euro. Gehienez ere 15 haurrentzat lekua egongo denez, ahal bezain laster izen emateko dei egin dute antolatzaileek. Telefono zenbaki honetan hain zuzen: 660 779 160.
Bertso bazkaria
Egunotan iragarritako beste bi ekitaldirekin osatuko da Zubieta Lantzenek azaroa parterako egin duen hitzordu eskaintza. Batetik, ostiral honetarako, ipuin kontaketa saioa prestatu dute. Marisa Tabernero ipuin kontalaria Zubietara gerturatuko da. Adin guztietako haurrei zuzenduriko “Ipuinez josita” izeneko emanaldia eskainiko du Kaxkapen, arratsaldeko 17:00etan hasita. Zubieta Lantzenek antolatu eta Usurbilgo Udalak lagundu du saioa.
Azaroaren 19an bestalde, bertso bazkari musikatu mundiala antolatu dute eta izen ematea zabalik dago. 14:00etan jarri dute hitzordua, Zubietako elkartean. Unai Muñoa, Iñaki Gurrutxaga, Mantxi eta Axier Azpiroz zubietarra arituko dira bertsotan. Iker Iriarte gaiak jartzen. Eta bazkariko menua honakoa: patatak errioxar erara; saiheskia entsaladarekin; postrea; kafea eta pattarra. Otordurako txartelak salgai egongo dira azaroaren 16ra arte Barazarren. Helduenak 20 eurotan, haurrenak 10 euroren truke.
EGITARAU OSOA
Azaroak 11, ostirala17:00 Ipuin kontaketa saioa Kaxkapen.
Azaroak 13, igandea
Eguerdi partean, bizikleta irteera.
Ondoren, bazkaria Joko-Garbi elkartean.
Azaroak 19, larunbata
14:00 Bertso bazkaria Zubietako elkartean.
Azaroak 19-20, larunbat eta igandea
11:00-13:00 In-ine patinaje ikastaroa Zubietako frontoi estalian.