Auzolanean jardundakoak eta udal zerbitzuen egunotako lana eskertu nahi du Udalak

Noaua Aldizkaria 2011ko aza. 14a, 00:00

Aurreko asteburuko euri-jasak kalte handiak eragin zituen erribera inguruan. Urak jaitsi ondoren, zakar ugari agertu zen errio bazterretan. Garbiketa lanak ahalik eta arinenean bideratu asmoz, Usurbilgo Udalak auzolan deialdia egin zuen larunbat honetarako. Zubietan, 30 lagun aritu dira lanean. Atallun, 40 lagun inguru. Txokoalden ere koadrila majo bat osatu da. Lana gogotik egin behar izan dute. 

Usurbilgo Udaletik laguntzera joandakoei eskerrak helarazi nahi zaizkie, udal zerbitzuek egunotan burutu duten lana gogoraraztearekin batera. "Udalaren izenean, auzolan deialdiari herriak emandako erantzun ona eskertu nahi dut eta, bide batez, udal zerbitzu desberdinek egindako lanaren errekonozimendua adierazi nahi nuke, Udaltzaingoa, Brigada eta Pikaola garbiguneko langileei bereziki, erabat lotu baiziren lanari behar izan zenean, euriteek sortu zituen une kritikoenetan eta hurrengo egunetan ere, nekeak gaindituz, gogoz lana egin zutelako. Tajuzkoa da errekonozimendu hau egitea Udalaren aldetik", adierazi du Udalaren izenean, Mertxe Aizpurua alkateak.

Kalteen informazio bilketarako udal zerbitzua zabalik 

 

Azaroaren 6ko euriteek kaltetu dituzten herritarrek euren egoeran berri emateko aukera dutela azaroaren 23 arte, Usurbilgo Udalak zabaldu duen informazio bilketa zerbitzu berrian. Astelehenetik ostiralera, 9:00-14:00 artean, udaletxeko harrerara gerturatuta eman ahal izango dute zehaztasun guztien gaineko informazioa. 

 

 

Usurbilgo Udalak berri eman duenez, zerbitzu honetara jotzeko asmoa duen herritar kaltetuak honako datuok eman beharko ditu; bere izen abizenak, telefono zenbakia, kaltetutako ondasuna, kalteen deskribapena, bataz besteko balorazioa eta ondasuna aseguratua duen edo ez zehaztu beharko du.

 


Zerbitzu hau martxan jarri izanak halere, Usurbilgo Udaletik argitu nahi dutenez, "ez du inolaz ere ordezkatzen aseguru etxeekin egin beharreko tramiteak. Kaltetua izan den edonork egin behar duen lehenengo lana bere aseguruei kalteen jakinarazpena da".

Egunotan jasotako informazioa, gerora Udalak Gipuzkoako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bideratuko du. Zerbitzu hau martxan jartzeko erabakia, atzo erakundeok Donostian burutu zuten bilkuraren ostean dator. Bertan, joan den asteburuko euriteek utzitako egoerari nola aurre egin adosten egon ziren, kaltetutako udalerrietako udalak, Aldundia eta Jaurlaritza. Honen haritik, Mertxe Aizpurua alkateak berri eman duenez, "Kaltetuei, Udal honen elkartasuna eta laguntza osoa eskaini nahi diegu. Horretarako laguntzak lortzeko saiakera egiten ari diren erakundeekin etengabeko kontaktuan gaude eta informazio berriak jaso ahala, Usurbilen galerak pairatu dituztenei jakinaraziko zaie".