Azaroaren 6an izandako uholdeei aurre egiteko plana abian du Usurbilgo Udalak. Usurbil.net web orrialdetik berri ematen ari direnez, herritar kaltetuei begira, honako jarraibideak ematea aholkatzen ari da Usurbilgo Udala. Adi, laguntzak eskatzeko asmotan diren kaltetuek, eskabideak abenduaren 7a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eta:
-Aseguru etxeekin kontaktuan jarri.
-Aseguruaren polizak gertatutakoa kubrituko ez balu, Aseguroen Konpentsazio Partzuergora deitu edo zuzenean joan (Getaria kalea, 2. Donostia), hemen telefonoa: 943 43 37 60 edo 902 222 665 (http://www.consorseguros.es). Datu hauek eskatuko dizkigute: polizaren zenbakia, polizaren iraungitze-data, ordaindutako azken reziboa eta eragindako kalteen informazioa.
-Baliteke kaltetuek segururik ez izatea, hala bada, derrigorrezkoa da udaletxetik pasatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak igorritako fitxa bat osatu beharra dago, kalte eta balorazioarekin. Foru Aldundiaren helburua fitxa horien bitartez kalteen informazioa lortzea da, zer nolako laguntza sortu aztertzeko. Hemen osatu beharreko fitxa.
-Espainiako Estatuak, martxoaren 18ko 307/2005 EDaren baitan (apirilaren 13ko 477/2007 EDk aldatua), egon diren kalteei aurre egiteko ordezko laguntzak emateko aukera jakinarazi du. Kaltetuek Estatuak kasu hauetarako duen eskaera normalizatua bete beharko dute (urtarrilaren 31ko INT/277/2008 Agindua, 2008ko otsailaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua). Bete beharreko eskaerak usurbil.net web orrialdetik jaitsi daitezke.
-Eskabidea abenduaren 7a baino lehen aurkeztu beharko da, Donostian kokatzen den Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzan edo Usurbilgo Udalean. Ohartarazten dutenez, "dena den, laguntza hauek orokorrean aseguruak estaltzen ez dituen kalteak estalduko dituzte, etxebizitza eta bertako tresnen kasuan izan ezik (kasu honetan ondasuna aseguraturik ez izan arren, laguntza jaso daiteke)".
Kaltetuen informazio bilketarako zerbitzua zabalik
Azaroaren 23ra arte bestalde, gogoan izan, astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik 14:00etara kaltetuek beren egoeraren berri emateko aukera dute, udaletxeko harrera gunean. Zerbitzu honetara jotzeko asmoa duen herritar kaltetuak honako datuok eman beharko ditu; bere izen abizenak, telefono zenbakia, kaltetutako ondasuna, kalteen deskribapena, bataz besteko balorazioa eta ondasuna aseguratua duen edo ez zehaztu beharko du.
Irudia: Iñaki Salsamendi.