Asteazkean hasiko da Andatza Mendizale Elkartekoek aurtengorako prestatu duten Mendi Asteko egitaraua. Azaroaren 30etik abenduaren 3ra mendizaletasunari loturiko ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera izango da. Tartean, herritar baten, Andatzako kide baten bidaia. Joakin Pagolak Cachemirara eginiko bidaia bideo eta argazki bidez erakutsiko baitu Sutegin.
Argazki lehiaketako sariak
“Andatzako Txokoak” izeneko argazki lehiaketa antolatu du udazken honetan, Andatza Mendizale Elkarteak. Parte hartzeko epea zabalik egon den artean, 24 herritarrek argazki bana aurkeztu dute. Lehian beraz 24 argazki, eta hiru onenek jasoko dute saria. Sari banaketa Mendi Astearen baitan ospatuko da.
Gazteei deialdia
Argazki lehiaketako sariketa, abenduaren 2an ospatuko da Sutegin. Ekitaldi berean gainera, urtean zehar Andatzatik antolatu diren irteeretako argazkiak proiektatuko dituzte. Baita tartean, uztailean Pirinioetara eginiko asteburu pasakoak ere. Orduko hartan, gazte ugarik parte hartu zuten irteeran. Eta haiei zuzendu nahi zaie Andatza Mendizale Elkartea, ekitaldira joateko gonbita luzatzeko.
Hona hemen, aurtengo Mendi Asteko egitaraua:
MENDI ASTEA
Azaroak 30, asteazkena
19:00 Joakin Pagola Andatzako kideak Himalayako Cachemira lurraldera aurtengo irailean egindako bidaiaren bideo eta argazki emanaldia. Leh inguruko monastegi budistak, hamabost eguneko trekkinga eta Chamser Kangri (6.600m) mendiko igoera ikusteko aukera izango da.
Abenduak 1, osteguna
19:00 Bideo eta argazki emanaldia Felipe Uriarteren eskutik: 2008ko uztailean, euskal espedizio bat Koskulak mendiaren gailurrera iritsi zen. Tontor hau Kunlun mendikatean dago, Zetaren Ibilbidearen hegoaldeko adarrean. Bideo honek, igoera hau ez ezik, Zetaren Ibilbidearen historia ere kontatzen du.
Abenduak 2, ostirala
19:00 2011.urtean Andatza Mendizale Elkarteak antolatutako mendi irteeren bideo eta argazki emanaldia. Andatza, Pagoeta, Urkita, Indamendi, Andatza eguna, Bardeak, Pirineoak, Berian eta Iparraldeko Lindusera egindako txangoen irudiak ikusiko ditugu. Ondoren, Usurbilgo Andatza Mendizale Elkarteko 1. Argazki Lehiaketaren sariak banatuko dira. Amaieran luncha eskainiko da.
Abenduak 3, larunbata
8:00 Usurbildik irtenda, mendi ibilaldia burutuko da. Ondoren, bazkaria Patri jatetxean irteeran parte hartu dutenekin. Bazkarirako plaza kopurua mugatua da eta joateko izena aldez aurretik eman beharko da, ikus-entzunezko saioak programatu diren egunetan, antolatzaileek Sutegin jarriko duten mahaian.
Oharra: Sutegin burutuko diren ekitaldiak hasi aurretik, 2011ko federatu txartelak berritu eta asteburuko ibilaldirako izena emateko aukera izango da Sutegi kultur etxean bertan.